Dámaso Alonso
Dámaso Alonso (Madril, 1898ko urriaren 22a - Madril, 1990eko urtarrilaren 25a) espainiar filologo eta poeta izan zen. 1978an Miguel de Cervantes saria eman zioten.
Bizitza eta lanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ramón Menéndez Pidalen ikasle eta lankidea izan zen. Hizkuntza eta literatura espainiarrak irakatsi zituen Espainia, Alemania, Ingalaterra eta Estatu Batuetako unibertsitateetan. 1968tik 1982ra Espainiako Errege Akademiako (Real Academia Española) zuzendaria izan zen.
Ikertzaile eta kritikari gisa, garrantzi handiko lana egin zuen, hala hizkuntzalaritzan nola literaturaren alorrean. Berari zor zaio poesia barroko espainiarrari buruzko ikusmolde berria: Temas gongorinos (1927), La lengua poética de Góngora (1950) eta abar. Herri-poesia ere Dámaso Alonsoren aztergaia izan zen. Halaber, Amado Alonsorekin batera, literatura-estilistika Espainiako literatura-ikerketan sartu zuen.
Poesiaren alorrean, 27ko belaunaldiko olerkari-taldean kokatzen da. Bi aldi bereizten dira haren olerkigintzan. Lehenean, poesia hutsa landu zuen, Juan Ramón Jiménez eta modernisten eragina agertzen zuena: Poemas puros, poemillas de la ciudad (1921), El viento y el verso (1924). Bigarrenean, Oscura noticia (1944) liburuarekin hasia, espainiar gerraondoko literaturaren funtsezko obra sortu zuen: Hijos de la ira (1944). Berak poesia deserrotua deitzen zuena existentziala da: «mundua kaosa eta atsekabea da, eta poesia, ordena eta ainguraren bilaketa amorratua». Hijos de la ira, bestalde, ankerkeria, injustizia, gorroto eta zuzengabekeriaren aurkako protesta-oihua da. Gozos de la vista izenburukoa ere garai hartakoa da. Gerora, beste zenbait obra idatzi zituen: Hombre y Dios (1956), Duda y amor sobre el Ser Supremo (1985) eta abar.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- 1898ko jaiotzak
- 1990eko heriotzak
- Espainiako idazleak
- Espainiako hizkuntzalariak
- Gaztelaniazko poetak
- Madrilgo idazleak
- 27ko Belaunaldia
- Cervantes saridunak
- Espainiako saiakeragileak
- Espainiako poetak
- XX. mendeko Espainiako idazleak
- Real Academia Españolaren akademikoak
- Madrildarrak
- Espainiako Historiaren Errege Akademiako kide numerarioak
- Madrilgo Complutense Unibertsitateko ikasleak
- Madrilen hildakoak
- Madrilgo Complutense Unibertsitateko katedradunak